Historia

Historiaurrean Urdaibaiko eskualdean giza talde ugari bizi izan ziran, nekazariak eta abeltzainak. Neolitiko aurreratuaren eta Brontze Aroaren (K.a.ko 5.500 eta 2.800 urteen bitartean) artean bizi izan ziran, bertan topautako aztarnategi arkeologiko ugariek erakusten deuskuenez. Historian zehar Urdaibaiko itsasadarra komunikazino bide garrantzitsua eta oso erabilia izan da, bertatik igaro dira eta Done Jakue Bidea, Ardaoaren eta Arrainaren Ibilbidea eta Zin-egite Ibilbidea.

Ajangizeko bizilagunak herriko landa eta basoen esplotazinotik bizi izan dira. Ibarrean zerealak landatzen ziran, batez be artoa. Beste alde batetik, basoetatik Gernikako portu txikiko ontzitegietan ontziak egiteko eta herrian egozan hiru burdinoletarako behar zan egurra ateraten eben. Herrian, burdinolez gainera, hiru errota be egon izan dira erreka arroetan.

Ajangizen lehenengo erreferentziak

Ajangizen gainean topau dan lehenengo idatzizko erreferentzia Fray Martin de Coscojalesen agiri baten dago. Bertan, ondoko hau aitatzen dau: “Señor de las Asturias Altas de Oviedo, que, huyendo del Rey de Asturias, se acogió en Vizcaya” y su hijo fundó la casa de su nombre en Axangiz (788)”. Hurrengo erreferentziak bando-gerrakaz dagoz lotuta.

Ajangizeko “Ledania” XVI. mendearen erdialdean, Gernikako Batzarretan boto eskubidea euken eleizateen zerrendea itxi zanean, Ajangizek eskubide osoz hamaikagarren postua bete eban, baina status juridiko bereziagaz: “ledania” zan. Antolaketa modu hau kasu bakarra da, eta Erdi Arotik Antxinako Erregimenaren amaierara arte iraun eban, harik eta Ajangiz eleizate bihurtu zan arte. Parrokiaren eraikuntza 1844an amaitu zan, baina halanda guzti be, ordura arteko urteetan Jaunaren Igokundearen ermita zaharrak eleiza funtzinoa bete eban, parrokiako liburuak kontrolatuz.

Desanexinoa

1943an Ajangizeko Eleizatea derrigorrez anexionau eben Gernikara. Gero, 1991n independentzia lortu eban, baina Errenteriako auzunea kanpoan gelditu zan. Gaur egun, Mendieta eta Kanpantxu auzuneek osotzen dabe Ajangiz.