Eleiza ikusgarri hau basilika erako eraikina da, estilo neoklasikokoa, eta lehenago izen bereko ermita bat egoan lekuan dago. Eskualdeko beste udalerri batzuen aldean, Ajangizek ez eban parrokiarik izan XIX. mende amaierara arte.
Ajangizeko parrokia Mendieta auzoan dago, eta Juan Bautista de Belaunzaranen (Andoain, 1769-1849) obra ospetsua da. Belaunzaran Bizkaiko neoklasikoaren arkitekto esanguratsua izan zan, eta Ajangizeko parrokia haren seme Hermenegildo eta Pedrok amaitu eben (eurak be arkitektoak ziran), aita hil ostean.
Eleiza neoklasiko honek kupulaz estalitako planta nagusia dauka, eta Belaunzaranen estilo arkitektonikoaren ezaugarri ziran kanonak daukaz. Belaunzaranek berak egin eban eleizearen inguruko urbanizazino lana, alboko landa-etxea eta udaletxea bereak dira-ta.

Lemandaroko San Juan da, Kanpantxuko auzunean, herrian ondoen jagonda dagoan ermitea, herriko bizilagunek auzolanean egindako zaharbarritze lanei esker. Gaur egun San Juan izena dauka, nahiz eta lehenago San Martin izan. Bagilearen 24an egiten dira eleizkizunak, San Juan Bataiatzailearen egunean.
Ajangizek bost ermita izan zituan, baina horreetariko batzuk edo desagertu egin dira edo txarto jagonda dagoz.
